Klasikoen Txokoa

Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA
home   contact   facebook
Victor Frankenstein

Egilea:

Mary Shelley



Ilustratzailea: Maialen Azkue
Gidoia: Belen Pikabea
Soinua: EKLAN Producciones Audiovisuales
Urtea: 1818
Nazioarteko literatura

Bideo hau parteka ezazu:  



Haurtzaro zoriontsua izan du Victor Frankensteinek, bere lagun Elizabeth Lavenza eta Henry Clervalekin, baina unibertsitatean hasteko garaia heldu zaio eta filosofia naturala eta kimika ikastera joaten da beste hiri batera. Bertan, bizitzaren sekretua aurkitzeko irrikak hartzen du eta, hainbat urte ikertzen eman ondoren, aurkitu duela konturatzen da.

Victorrek hilabeteak ematen ditu hilotzen gorputz zatiak elkartuta izaki bat sortzen, erabat itsututa. Gau batean, bere apartamentuan, izakiari bizia ematen dio, baina, begiratzen dionean, munstro bat sortu duela ohartzen da. Damututa, Henryrengana jotzen du. Apartamentura itzultzen denean, munstroa joana da.

Etxera itzultzeko asmotan dela, aitaren gutun bat jasotzen du eta, bertan, anaia gazteena, William, hil egin dutela esaten dio. Lur jota, Victor etxera itzultzen da berehala. Bidean, munstroa ikusten du eta anaia munstroak akabatu duela susmatzen du. Etxera iristen denean, Victorrek Williamen hilketa Justine Moritzi, Frankenstein familiak ardurapean duen neska atsegin eta zintzoari, leporatu diotela jakiten du. Justine epaitu, kondenatu eta exekutatu egiten dute, errugabea dela behin eta berriz adierazi arren. Victor lur jota geratzen da eta errudun sentitzen da, bai baitaki sortu duen munstroak hil dituela bere hurbileko bi pertsona horiek.

Atsekabea arindu nahian, Victor mendi aldera joaten da atseden hartzera. Bakarrik, glaziar izugarri bat zeharkatzen ari dela, munstroa hurbildu eta hizketan hasten zaio. William hil duela aitortzen dio, Victorri min eman nahi ziolako. Munstroak bikotekide bat eman diezaiola eskatzen dio, bera bezalako munstro bat sor dezala, lagun egin diezaion.

Hasieran Victorrek ezetz esaten dio, baina, azkenean, munstroak konbentzitu egiten du. Etxera itzuli ondoren, Victor uharte soil batera joaten da lanera. Baina damutu egiten da eta sortutakoa suntsitzen du. Haserre, munstroak ohartarazten dio mendekua hartuko duela eta Victorren eztei gauean berarekin izango dela.

Haserre bizian, munstroak Henry Clerval hiltzen du eta Victorri leporatzen diote hilketa. Azkenean, ordea, errugabetzat jotzen dute.

Etxera itzuli eta Victor Elizabethekin ezkontzen da. Gogoan du munstroak esandakoa eta eztei gauean bera hilko duela pentsatzen du. Zuhurtasunez, Elizabethi logelara joateko esaten dio eta itxaroteko eskatzen dio. Munstroaren zain dagoela, Elizabeth oihuka entzuten du eta munstroak bera ez, baizik eta bere emaztea hil nahi zuela jabetzen da. Emaztearen heriotzarekin Victor erabat lur jota geratzen da eta etxera itzultzen da aitarengana, baina hau handik gutxira hiltzen da, atsekabetuta. Victorrek zin egiten du munstroa aurkituko duela eta mendekua hartuko duela, eta, gutxira, haren bila abiatzen da.

Victorrek munstroaren aztarnei jarraitzen die iparralderantz, eremu izoztuetaraino. Baina, hotzak hartuta, Victor munstroa harrapatu baino lehen hiltzen da.


Babeslea: